#KORNERFESTIBALA
Uxue Otxoa
Uxue Otxoa

UXUE OTXOA ALBERDI
PSIKOLOGOA ETA ERRENDIMENDU HANDIKO BIDERATZAILEA

Uxue Otxoa Alberdi, gaztetatik, naturari eta bertan egiten diren kirolei lotuta ibili da; horrek eski alpinoan lehiatzera eraman du, eta entrenatzaile izatera, baita 7ko eta 11ko futbolean jokatzera ere. Era berean, beti maite izan du marraztea. Sormenak interesa pizten zionez, publizitate eta harreman publikoen arloan lizentziatu ondoren, marketineko eta sormeneko master bat egin zuen, eta bere lehen jarduera profesionala publizitate agentzia batean egin zuen. Bertan konturatu zen benetako jakinmina sortzen ziona pertsonek nola funtzionatzen duten ulertzea zela, bai arlo indibidualean, bai kolektiboan, eta hola ondorioztatu zuen bere bizi bidea psikologiarekin eta soziologiarekin lotuta zegoela. Helburu argi batekin graduatu zen psikologian: pertsonen trebetasun psikoemozionalak nola indartu eta optimizatu jakitea.

Gaur egun, giza errendimendu handia optimizatzen laguntzen duen osasun eta kirol psikologo gisa definitzen du bere burua. Arrasaten (Gipuzkoa) kontsulta pribatu bat dauka, eta bertan egiten du lan bai arlo indibidualean bai kolektiboan, kirolaren eta enpresaren esparruan. Kiroleko psikologo gisa, Kirolgi erakunde publikoarekin lan egin du, eta Zikloland, Vibliotec eta halako online aldizkarietan iritzi artikuluak idatzi ditu, Rio de Janeiroko 2016ko Paralinpiar Jokoetan korrespontsala izateaz gain. Aldizka komunikabideekin kolaboratzen du eta psikologiarekin, errendimenduarekin eta ongizatearekin lotutako hitzaldiak eta tailerrak ematen ditu.